Azaroaren 15ean, Batzordearen azaroaren 12ko 2021/1975 (EB) Betearazpen Erregelamendu berria argitaratu zen. Horren bidez, Locusta migratoria espezieko intsektuak izoztuta, lehortuta eta hauts gisa merkaturatzeko baimena ematen da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015/2283 (EB) Erregelamenduaren arabera, eta Batzordearen 2017/2470 (EB) Betearazpen Erregelamendua aldatzen da.

Erregelamendu horren arabera, oti migratzailea (Locusta migratoria) elikagai berri gisa har daiteke, eta izoztuta, lehortuta eta hauts gisa (birrinduta) merkatura daiteke, elikadurarako osagai gisa. Horrez gain, baimena ematen dio eskaera egin duen Herbehereetako enpresari osagai hori modu esklusiboan merkaturatzeko 5 urtez, baldin eta geroago eskaera egiten duen beste enpresaren batek ez badu elikagai berri hori merkaturatzeko baimena eskuratzen, datu babestuei erreferentziarik egin gabe.

Locusta migratoria
Locusta migratoria (fase gregarioa) Gilles San Martinen argazkia

Erregelamenduaren eranskinean zehazten da elikagai berria zer baldintzatan erabil daitekeen. Halaber, bigarren zati batean, elikagaiaren deskribapena/definizioa, ezaugarriak/osaera, onartutako metal astunen kopurua eta bete behar dituen irizpide mikrobiologikoak jasotzen dira.

 

Ebaluazio zientifiko zorrotza egin ostean, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) adierazi zuen elikagaiak ez dakarrela arriskurik giza osasunaren segurtasunerako. Dena den, erreakzio alergikoak eragin ditzake krustazeoei, moluskuei eta akaroei alergia dieten pertsonengan.