AESAN erakundeak interpretazio-ohar bat argitaratu du borondatezko prozedura bat deskribatzeko. Helburua da zuhurtziaz etiketatzea justifikatuko luketen baldintza batzuk zehaztea, nahi gabe alergenoak agertzen direnerako elikagai ontziratuetan.

Codex Alimentariusen gidalerroetan berriki eman diren aurrerapausoek eta FAO/OMEko adituen txostenek bultzatu dute prozedura hori egitea. Irizpideak eman nahi dira alertak kudeatzean sortutako zalantzei erantzuteko. Hala, erreferentzia-dosietan eta ekintza-mailetan oinarritutako arriskuen ebaluazioa sartu da kontsumitzaileen babesa eta haien informaziorako eskubidea bermatzeko, akatsik egin gabe.

Elikagaiak prestatzean erabiltzen diren zenbait osagaik alergiak, intolerantziak edo gaixotasun zeliakoa eragin ditzakete, eta kasu batzuetan larriak izan daitezke edo bizitza bera arriskuan jar dezakete. Horregatik, funtsezkoa da informazio argia eta zehatza ematea alergenoen presentziari buruz elikagaietan, eraginpeko pertsonek kontsumo-erabaki seguruak eta informatuak har ditzaten.

2014an, EFSAk irizpen zientifikoa eman zuen elikagaiak eta elikagaien osagai alergenikoak ebaluatzearen gainean, etiketatze-xedeekin. Irizpen horretan, alergenikoak izan daitezkeen osagaien edo substantzien zerrenda eguneratu zen.

Nazioartean, Aurretik Ontziratutako Elikagaiak Etiketatzeko Arau Orokorra egin zen Codex Alimentariusen esparruan, eta erreferentzia globala da. Dena den, argitaratu zenetik, zientzia eta araudia asko aurreratu da.

Babes eraginkorra bermatzeko eta etiketatze-jardunbideak harmonizatzeko nazioartean, Codexak zenbait ekimen bultzatu ditu, besteak beste, honako hauek:

  • Codexaren lehentasunezko alergenoen zerrenda berrikustea.
  • Elikagaietarako lehentasunezko alergenoen atalase-mailak ezartzea.
  • Gidalerroak egitea alergenoak zuhurtziaz etiketatzeko (AZE).
  • Lehentasunezko alergenoak nahitaez aitortzeko salbuespen-irizpideak.
  • Eskualdeko alergenoetarako atalase-mailak berrikusi eta ezartzea.

Alergenoak zuhurtziaz etiketatzea (AZE) arriskua kudeatzeko eta komunikatzeko tresnatzat jo behar da, kontsumitzaileei ohartarazteko nahi gabe eta modu saihestezinean alergenoak egon daitezkeela elikagaian.

Neurri hori ezin daiteke baliabide orokorra izan eta ezin dezake arriskua behar bezala kudeatzea ordeztu. Hala, soilik aplikatu behar da Fabrikazioko Jardunbide Egokiak eta AAKPK sistemak ezin dutenean arrazoiz arriskua maila onargarrietara jaitsi. AZEaren erabakia hartu baino lehen, ebaluazio tekniko justifikatua, dokumentatua eta proportzionala egin behar da.

Horretarako, interpretazio-ohar honetan agertzen dira kontuan hartu behar diren atalak alergenoen kontaktu gurutzatua kudeatzeko eta alergenoen zuhurtziazko etiketak erabiltzeko orduan, betiere lege-oinarriei eta oinarri zientifikoei erreparatuz:

  • Legedia
  • Elikagaien higienea eta kontaktu gurutzatua prebenitzea
  • Dosi eragileak
  • Erreferentziazko balioak
  • Ekintza-maila
  • Zuhurtziaz etiketatzea
  • Alergenoak laborategian zehaztea
  • Industriako erabakien zuhaitza
  • Alerta kudeatzean arriskua baloratzeko irizpide orokorrak
  • Arriskua kudeatzeko jarduketa

ALERGENOEN KONTAKTU GURUTZATUA KUDEATZEKO ETA ALERGENOEN ZUHURTZIAZKO ETIKETAK ERABILTZEKO PROZEDURA