Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiak txosten bat argitaratu du EBko elikagaien etiketei buruz. Txosten horretan nabarmentzen da etiketek kontsumitzaileak nahasten dituztela, sinbolo, borondatezko aipamen edo harmonizatu gabeko aurrealdeko sistemen bidez, zeinekin salmentak areagotu besterik ez den nahi. Aipamen horiek nahasgarriak izateaz gain, engainagarriak ere izan daitezke.

Zein da elikagaien etiketen xedea?

Etiketek informazioa ematen diete kontsumitzaileei elikagaien edukiari buruz, eta erosteko orduan erabaki kontzienteak hartzen laguntzen diete: nutrizio-balioari, izan ditzakeen arriskuei (alergenoak) eta produktu baten kontsumo seguruari (iraungitze-data edo kontsumo lehenetsiarena) buruzko informazioa ematen dute. Baina publizitate-bitarteko gisa ere erabiltzen dira produktua erakargarriagoa izan dadin.

Kontsumitzaileek elikagaiei buruzko informazio osoa eta zehatza jasotzeko duten eskubideak gero eta garrantzi handiagoa hartu du azken urteetan, osasunari eta ongizateari, jasangarritasunari eta gardentasunari buruzko interesa gero eta handiagoa baita.

Txostenaren/auditoretzaren irismena

Txostenak EBko elikagaien etiketek alderdi hauek betetzen dituzten aztertzen du:

  • Kontsumitzaileei laguntzen die erabaki kontzienteak hartzen elikagaia erosteko orduan.
  • EBren esparru juridikoa egiaztatzen du, baita kontsumitzaileek etiketak ulertzen dituzten gainbegiratu ere.
  • Estatu kideen kontrol-sistemak aztertzen ditu, egiaztatzeko elikadura‑enpresek etiketatze-arauak betetzen dituztela.

Ondorioak eta gomendioak

Oro har, txostenak ondorioztatzen du EBko elikagaien etiketek lagun diezaieketela kontsumitzaileei erabaki kontzienteak hartzen elikagaiak erosteko orduan, baina huts nabarmenak daude EBren esparru juridikoan, baita urritasunak ere jarraipen-, informazio- eta kontrol-sistemetan, eta zehapenen arloan. Horren guztiaren ondorioz, kontsumitzaileek nahasgarriak izan daitezkeen, hanka-sartzeak eragin ditzaketen edo ondo ulertzen ez diren etiketak aurkitzen dituzte.

Egiaztatu da EBren esparru juridikoak elikagaien etiketek eduki behar duten funtsezko informaziorako oinarria ematen duela; horretarako, zenbait kontzeptu gako definitzen ditu, eta nahitaezko betekizuna da etiketetan informazio jakin bat agertzea. Hala ere, ez dira gauzatu Kontsumitzaileari helarazitako elikadura informazioari buruzko Erregelamenduan eta Nutrizio-adierazpenei eta propietate osasungarrien adierazpenei buruzko Erregelamenduan ezarritako esparru juridikoan aurreikusitako hamaika eguneratzeetatik zazpi. Horrenbestez, esparruak huts nabarmenak ditu; adibidez, produktu botanikoetarako propietate osasungarriei buruzko EBk onetsitako adierazpenen zerrenda bat falta da, eta, era berean, ez dago EBren araudiren etiketa begetariano eta beganoetarako.

Estatu kideek zenbait ekimen abiarazi dituzte EBren esparruan ez dauden elementuetako batzuk konpentsatzeko. Zalantzarik gabe, horrek mugatu egiten du kontsumitzaileen gaitasuna hautaketa kontzienteak egiteko orduan, eta desberdinkeriak sortzen ditu EBren barruan elikagaiei buruzko informazio jakin baterako sarbideari dagokionez.

Horrez gain, txostenak zenbait gomendio ere jasotzen ditu:

  • EBren elikagaien etiketei buruzko esparru juridikoan dauden hutsak zuzentzea
  • Etiketatze-jardunbideak aztertzeko ahaleginak areagotzea
  • Kontsumitzaileen espektatiben jarraipena egitea eta neurriak hartzea elikagaien etiketak hobeto uler ditzaten
  • Estatu kideen borondatezko etiketei eta sareko txikizkako saltegiei buruzko kontrolak areagotzea
  • Elikagaien etiketei buruz aurkeztu beharreko informazioa hobetzea

Txosten berezia: Elikagaien etiketak EBn. Kontsumitzaileak etiketen labirintoan gal daitezke