Batzordearen 2022/1616 (EB) Araudia, Elikagaiekin kontaktuan egoten diren plastiko birziklatuzko materialei eta objektuei buruzkoa argitaratu da. Araudi horrek indargabetu egiten du 282/2008 (EE) Araudia.

 

Europako Batzordeak plastikoarentzako estrategia europar bat onartu zuen 2018an. Estrategia horren helburua da plastikoa birziklatzeko gaitasuna areagotzea eta plastikozko produktu eta ontzietan eduki birziklatuaren kopurua handitzea.

 

Erabiltzen den plastikoaren kopuru handi bat elikagaientzako ontziak egiteko erabiltzen denez, legeria arautzaile bat behar da.

 

Araudi berriak bi multzotan sailkatzen ditu birziklatzeko teknologiak:

 

  • Teknologia egokiak (“suitable technologies” ingelesez).
  • Teknologia berriak (“novel technologies” ingelesez). Teknologia horiek multzo horretan jarraituko dute “suitable” gisa sailka daitezkeen arte.

 

Teknologia egokien kasuan, oinarri nahikoa dago EFSAk ebaluazioa egin dezan gaur egun; teknologia berrien kasuan, berriz, oraingoz ezin da horrelakorik egin.

 

Araudi berri horrek ezartzen du teknologia berri baten garatzaileak probak eta zientzia‑azterlanak izan behar dituela, teknologia horrek kontsumitzaileentzat seguruak diren materialak fabrika ditzakeela egiaztatu ahal izateko. Gainera, agintari eskudunei eta Batzordeari jakinarazi behar die funtzionatzen hasi baino 6 hilabete lehenago gutxienez, eta, horrez agin, arriskuei buruzko zaintza-datuak eman behar dizkie. EFSAk datu horiek (eta bestelako informazioa) segurtasunari buruzko azken irizpena emateko erabiliko ditu.