2020ko ekainaren 22an argitaratu da 523/2020 Errege Dekretua, zeinak aldarazi egiten duen eztiaren kalitate-araua onesten duen 1049/2003 Errege Dekretua

Gaur egun, 1049/2003 Errege Dekretuak (2001/110/CE Zuzentarauaren transposizioa) xedatzen du eztiaren etiketan aipatu egin behar dela eztia zein herrialdetan jaso den. Eztia estatu kide batekoa baino gehiagokoa edo hirugarren herrialde batekoa bada, honako hauek jarri ahalko dira, dagokionaren arabera: «EBko eztien nahasketa», «EBkoak ez diren eztien nahasketa» edo «EBkoak eta EBkoak ez diren eztien nahasketa».

Estatu kide batzuek zuzentarauaren transposizioa egin zutenean erabaki zuten ez baimentzea jatorrizko herrialdeak aipatu beharrean EBri eta beste herrialde batzuei buruzko aipamenak egitea. Hala ere, irizpideak aldatu dituzte, eta, ondorioz, barneko araudia aldatzen ari dira. Gizartearen eskaera aintzat hartuta, ezinbestekotzat jotzen da eztiaren jatorriari buruzko informazio osoagoa bermatzea.

Errege Dekretu berriak honako hau xedatzen du:

  • Eztia hainbat jatorritako eztiekin egin bada, etiketan adierazi egin beharko da eztia eta, hala badagokio, haren nahasketak zein herrialdetan jaso diren.
  • Gainera, eragileek jaso egin beharko dituzte euren autokontrolerako sisteman nahasketak egiteko erabili diren eztien jatorria agintari eskudunen aurrean egiaztatzeko beharrezkoak diren ebidentziak. Ebidentzia horien erregistroa gorde egin beharko da elikagaien kalitatea babesteko 28/2015 Legean adierazitako denbora-epean.

Errege Dekretu hori indarrean jarri aurretik ontziratutako, merkaturatutako edo etiketatutako produktuak merkaturatzen jarraitu ahal izango dira, 1049/2003 Errege Dekretuarekin bat etorriz, izakinak agortu arte, gehienez ere errege dekretu hori indarrean jarri eta 18 hilabeteko epea amaitu aurretik.

Errege dekretu hori indarrean jarriko da berau argitaratu eta sei hilabetera.