Errege Dekretu bat izapidetzen ari dira txikizkako merkataritzako establezimenduetarako. Dekretu horrek haragia izozteko baldintzak ezarriko ditu.

 

Dohaintzaz bestelako helburuetarako haragia izoztu ahal izateko (jaso eta berehala edo heltze-aldiaren ostean), establezimendu horietako operadoreek bizitza baliagarriko epea ezarri beharko dute. Azterketa horiek egitea zaila eta garestia izan daiteke; hortaz, operadoreei lan hori errazteko, AESANeko Batzorde Zientifikoak orientabide batzuk eman ditu haragiaren bizitza baliagarriari buruz, kontsumo lehenetsiaren data ezarri ahal izateko.

 

Haragiaren izozte- eta desizozte-prozesuek parametro mikrobiologikoak, fisiko-kimikoak eta sentsorialak aldarazten dituzte eta horrek zuzenean eragiten dio bizitza baliagarriri. Zenbait literatura zientifiko berrikusi ondoren, honako hauek dira haragi izozturako kontsumo lehenetsiaren datei buruzko proposamenak, espeziearen arabera:

 

  • Behi-haragia: 12 hilabete -18 ºC-an, jaso eta berehala izoztu ondoren. Honako hauek dira gomendatutako heltze-tratamenduak: 14 egun <2 ºC-an, 9 hilabetez -18 ºC‑an izoztu ondoren.
  • Ardi-haragia: 12 hilabete -18 ºC-an, jaso eta berehala izoztu ondoren. Honako hauek dira gomendatutako heltze-tratamenduak: 14 egun -1,5 ºC-an, 9 hilabetez -18 ºC‑an izoztu ondoren.
  • Ahuntz-haragia: gomendioa da hotzean biltegiratzea 2-5 egunez 4,44 ºC-an edo izoztuta biltegiratzea 12 hilabetez -18 ºC-an
  • Txerri-haragia: 6 hilabete -18 ºC-an, jaso eta berehala izoztu ondoren. Ez da aurkitu azterlan argirik izoztu aurreko heltze-aldiari dagokionez.
  • Hegazti-haragia: 12 eta 9 hilabete -18 ºC‑an produktu oso eta zatituetarako, hurrenez hurren, jaso eta berehala izoztuta. Aurretiko heltze-aldi hau gomendatzen da: 9 egun <1 ºC-an.
  • Untxi-haragia: informazio gutxi dagoenez, ezin da haragi-mota honi aplikatu ahal izateko gomendio globalik eman.

 

 

Haragia desizozteko gomendio orokorrak

 

Gomendagarria da txikizkako establezimenduek haragia biltegiratzeko, manipulatzeko eta kozinatzeko baldintzei buruzko informazio nahikoa, argia eta zehatza ematea.

 

Desizozteari dagokionez, hotzean desizoztea gomendatzen da, eta, ondoren, haragia hotzean gordetzea eta ahalik eta lasterren kontsumitzea. Ezin bada, mikrouhin-labean desizoztu daiteke. Metodo hori azkarragoa da eta elikagaiak prestatu baino lehentxeago egin daiteke. Hala ere, kontuan izan behar da elikagaiak ez direla modu uniformean desizozten mikrouhin-labean, hau da, 8 ºC-tik gorako tenperaturara irits daitezke eta horrek mikrobioak haztea eragiten du. Hortaz, mikrouhin-labean desizoztu ondoren, elikagaiak berehala kozinatu behar dira.

 

Azkenik, aintzat hartu behar da txikizkako establezimenduek, haragi izoztua hornitu eta saldu ahal izateko, higiene- eta manipulazio-jardunbide egokiak bete behar dituztela.