AESANek Kontsumitzeko prest dauden elikagaiak produzitzeko eremuetan eta lan-ekipoetan Listeria monocytegenes bakterioaren laginketa egiaztatzeko jarraibideak argitaratu ditu.

 

Elikagaien bidez transmititzen diren beste zoonosi batzuen aldean, listeriosia gutxitan agertzen den arren, gaixotasun larria da, eta ospitaleratze- eta heriotza-tasa altuak izan ohi ditu. Azken 10 urteotan, estatistikoki pisu handia duen gorako joera bat dagoela konfirmatu da EBn eta Espainian.

 

Elikagaien bidez transmititzen diren beste bakterio asko ez bezala, Listeriak ezaugarri bereizgarri eta espezifikoak ditu; erresistentea da gatz-kontzentrazio handiei eta azidotasunari, eta gai da hozte-tenperaturetan ugaltzeko. Halaber, ingurune aerobiko eta anaerobikoetan (hutsean) haz daiteke.

 

Listeria monocytogenes bakterioa elikagai askotan dago presente; besteak beste, arrain ketuetan, hestebeteetan, haragietan, gaztetan eta barazki gordinetan.

 

Elikagaiak bakterio horrekin kutsatzea saihesteko, funtsezkoa da fabrikazioko jardunbide egokiak betetzea, higiene-praktikak gauzatzea eta tenperatura eraginkortasunez kontrolatzea elikagaien produkzio-kate osoan, barne hartuta banaketa eta elikagaien biltegiratzea. Ontziratu aurreko zeharkako kutsatzea eragotzi behar da, bai eta kutsatze-iturriak eta -bideak kontrolatu ere. Ez hori bakarrik: bakterioak produktuan bertan duen hazkundea ere kontrolatu behar da, produktuaren bizitza erabilgarria amaitu arte.

 

Horregatik argitaratu dira goian aipatutako jarraibideak, 2073/2005 Erregelamendua (EB)  betetzen dela egiaztatzeko eskumena duten agintariek tresna tekniko erabilgarri bat izan dezaten, laginketa ofizialari eta elikagaien industriako operadoreek egindako laginketak egiaztatzeari dagokienez; izan ere, lan-eremuetan eta kontsumitzeko prest dauden elikagaien produkzio-lerroetako ekipoetan, Listeria monocytogenes bakterioa agertzeko arriskua dago, eta, beraz, baita dagozkion jarduketak egin beharra ere.

 

Kontsumitzeko prest dauden elikagaiak produzitzeko eremuetan eta lan-ekipoetan Listeria monocytegenes bakterioaren laginketa egiaztatzeko jarraibideak