EFSAk intsektu-mota bat (Tenebrio molitor intsektuaren larba) giza elikaduran erabiltzeari buruzko lehenengo Arrisku Ebaluazioa argitaratu du.

Ebaluazioa produktu hori “Elikagai Berri” (Novel Food) gisa baimentzeko lehen urratsa da, eta abiapuntua da Europako arduradunek produktu horiek EBko merkaturako baimen edo bazter ditzaten.

Osagai edo elikagai berri bat merkaturatu ahal izateko, ezinbestekoa da aurretiko ebaluazioa egitea honako alderdi hauei buruz, besteak beste: nutrizioa, toxikologia, kimika eta mikrobiologia.

Animalia-proteinen ohiko iturrien ordez proteina-iturri alternatiboak erabiltzeak (besteak beste intsektuak) onurak ditu ingurumen eta ekonomiaren arloan. Bestetik, elikagai gutxiago behar dituzte, hondakin gutxiago sortzen dituzte eta berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzen dituzte.

Zientzia-iritzi hau Tenebrio molitor intsektuaren larba (irineko harra) termikoki idortua (intsektu idor osoa edo hauts-moduan) erabiltzeari buruzkoa baino ez da.

Honako hauek dira ebaluazioaren ondorioak:

  • Balio-bizitza: baldin eta produktuaren espezifikazioak betetzen badira, ez du inolako segurtasun‑arazorik.
  • Proteina-kopurua: proteina-kopuru handi badute ere, egindako analitikak beherantz zuzendu behar dira; izan ere, kitina nitrogeno-iturri ez-proteinaduna da, eta eraldatu egin ditzake zifra horiek.
  • Balorazio nutrizionala: proposatutako erabilera-baldintzak betez gero, Elikadura Berri hori kontsumitzeak ez du desabantailarik nutrizio aldetik.
  • Toxikotasuna: egun arte berrikusitako zientzia-azterketek ez dute inolako arazorik planteatzen arlo horretan.
  • Balizko elementu kutsatzaileak: produktuaren kutsatzaileen maila intsektuentzako elikagaian substantzia horiek duten presentziaren araberakoa da.
  • Alergenotasuna: lehen mailako sentsibilizazioa eta har horren proteinekiko erreakzio alergikoa eragin ditzake, eta, krustazeoekiko eta hautsaren akaroekiko alergia dutenen artean, erreakzio alergikoak. Larbaren elikaduran dauden alergenoak azken produktuan egon daitezke.

ONDORIOA


EFSAren NDA taldeak ondorioztatu du Elikagai Berri hori segurua dela proposatutako erabilera eta mailak betez gero.

Halaber, taldeak adierazi du erreakzio alergikoak sor daitezkeela.