EFSAk titanio dioxido (E171) elikagai-gehigarriaren segurtasun-ebaluazioa eguneratu du, 2020ko martxoan Europako Batzordeak eginiko eskaera baten ondorioz.
Ebaluazio eguneratu horretan, 2016an EFSAk argitaratutako aurreko ebaluazioaren emaitza berrikusi egin da. Aurreko ebaluazio horretan, datu-gabeziak betetzeko ikerketa gehiago behar zela nabarmendu zen.

 

Titanio dioxidoa (E171) elikagai-koloragarri gisa erabiltzen da, eta haren funtzio teknologikoa da elikagaiak bisualki erakargarriagoak izan daitezela lortzea. Hala, kolorea ematen die berez kolorerik ez duten zenbait elikagairi, edo beste batzuen jatorrizko itxura berrezartzen laguntzen du.

 

Elikagai-kategoria hauetan erabiltzen da, nagusiki, E171a: okintza fina, zopak, saldak eta saltsak (haurtxo, haur eta nerabeentzat); eta zopak, saldak, saltsak, entsaladak eta sandwichetan igurzteko elikagai gaziak (haur, heldu eta zaharrentzat).

 

EFSAren elikagai-gehigarrien eta aromatizatzaileen aditu-panelak ondorioztatu zuen dauden ikerketa eta datu zientifikoak aintzat hartuta, titanio dioxidoa ezin dela segurutzat jo elikagai-gehigarri gisa. Izan ere, ezin izan ziren genotoxikotasun-arazoak baztertu (substantzia kimiko batek daukan gaitasuna DNA kaltetzeko) titanio dioxido partikulak kontsumitu ondoren. Ahozko ingestioaren bidez, titanio dioxido partikulen absortzioa txikia da; baina, hala ere, organismoan pilatu daiteke.

 

Ondorio toxiko orokorren ebidentzia biribila izan ez bazen ere, ezin izan zen ezarri elikagai-gehigarri horren eguneko ingestioaren maila seguru bat.

 

EFSAren aholku zientifiko hori arriskuen kudeatzaileek erabiliko dute; hau da, Europako Batzordeak eta estatu kideek erabiliko dute elikagai-gehigarrien agintaritzei buruz hartu beharreko legegintza-arloko edozein erabakitarako.

 

 

Safety assessment of the food additive titanium dioxide (E 171) – EFSA (2021)