609/2013 (EB) Araudiaren bitartez iraungi egiten da “elikadura berezi baterako elikadura-produktua” edo “elikagai dietetikoa edo erregimenekoa” kontzeptua, eta soilik lau elikagai-kategoria osatzeko eta informatzeko betebehar orokorrak ezartzeko irizpideak ezartzen dira. Hain zuzen, honako kategoria hauena:

 

BULARREKO HAURRENTZAKO PRESTAKINAK ETA JARRAIPEN PRESTAKINAK

Elikadura-produktu likidoak dira, bularreko haurren (12 hilabete baino gutxiagoko haurrak) premia nutrizionalak asebetetzeko. Prestakin horiek behi- edo ahuntz-esnearen proteinetatik abiatuta egiten direnean erabat, bularreko haurrentzako esne edo jarraipenerako esne izendatu ahal izango dira.

 

“Bularreko haurrentzako prestakinak” dira bizitzako lehenengo hilabeteetan bularreko haurren premia nutritiboak beren kabuz asebetetzen dituzten elikadura-produktu prestatu bakarrak, elikadura osagarria sartu arte. “Jarraipenerako prestakinak” bularreko haurrentzat dira, elikadura osagarri egokiarekin hasten direnean, eta bularreko haur horien gero eta askotarikoagoa den dietako elementu likido nagusia dira.

ZEREALEKIN EGINIKO ELIKAGAIAK ETA HAURRENTZAKO ELIKAGAIAK 

“Zerealekin eginiko elikagaiak” osasun-egoera onean dauden bularreko haurrentzako eta haurtxoentzako premia espezifikoak asebetetzeko dira, dietako osagarri gisa edo familiako elikadurara pixkanaka egokitzeko. Kategoria hauetakoren batean sailka daitezke:

 

  • Zereal arrunt berreraikiak edo esnearekin zein beste elikagai likido egokiren batekin berriz eratu behar direnak.
  • Proteina asko dituen beste elikagai batekin nahastutako zerealak edo urarekin zein proteinarik ez duen beste likidoren batekin berriz eratu behar direnak.
  • Kontsumitu aurretik ur irakinetan edo beste likido egoki batzuetan egosi beharreko pastak.
  • Zuzenean kontsumi daitezkeen bizkotxoak eta opilak, edo, hauts bihurtu ondoren, ura, esnea edo beste likido egokiren bat gaineratuta zuzenean kontsumi daitezkeenak;

 

“Haurrentzako elikagaiak” titia kentzen ari diren bularreko haur osasuntsuen eta haurtxoen behar bereziak asetzera bideratutako elikagaiak dira, euren elikaduraren osagarri gisa edo elikadura arruntera pixkanaka-pixkanaka egokitzeko, honako hauek salbu:

 

  • Zerealekin eginiko elikagaiak
  • Esnearekin eginiko edariak eta haurtxoentzako antzeko produktuak;

PISUA KONTROLATZEKO DIETA OSOAREN ORDEZKOAK 

Pisua jaisteko energia-balio baxuko dietetan erabiltzen diren elikagaiak dira, eguneroko dieta ordezkatzen duten formulazio berezia dutenak.

Elikagai horiek pisua jaisteko energia-balio baxuko dietetan erabiltzeko formulatu dira bereziki, eta elikadura-enpresako operatzailearen argibideen arabera erabilita, eguneroko dieta osoa ordezkatzen dute.

 

Pisua kontrolatzeko otordu baten ordezkoek elikadura berezi batera bideratutako elikadura-produktu izateari utzi diote eta “pisua kontrolatzeko otordu baten ordezkoak” edo antzeko adierazpenak geratu dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 20ko 1924/2006 (EE) Araudiaren (elikagaietako adierazpen nutrizionalei eta propietate osasungarriei buruzkoa) aplikazio-eremuan, eta araudi horretan ezarritako erabilera-baldintzak bete behar dituzte.

MEDIKU-ERABILERA BEREZIETARAKO ELIKAGAIAK 

Elikagai hauek pazienteen dieta kontrolatzeko egin edo formulatu dira bereziki, medikuaren begiradapean. Pazienteen elikadura-premiak erabat edo partzialki asebetetzera bideratuta daude, pazienteen elikagai normalak edo horien nutriente edo metabolito jakinen irensteko, digeritzeko, xurgatzeko, metabolizatzeko edo iraizteko gaitasuna mugatua edo eskasa edo asaldatua denean, edo klinikoki beste nutriente jakin batzuk behar dituztenean, horien tratamendu dietetikoa ezin bada egin dieta normala aldatuz soilik, elikadura berezi batera bideratutako beste elikagai batzuekin, edo bi gauza horiekin.

Gainera, arestian aipatutako elikagaien kategoria bati edo hainbati gehi dakizkiokeen substantzien zerrenda bakar bat ezartzen du Araudiak, “Batasunaren zerrenda” izenekoa, eta zerrenda hori eguneratzeko arauak ezartzen ditu.

Eguneratze data: