Uztailaren 1ean indarrean sartuko da 308/2019 Dekretua, ogiaren kalitateari buruzko arau berria onartzen duena.

 

Ogiaren eta ogi berezien araudi tekniko-sanitarioak (1984koa) aldaketa ugari izan ditu. Horrez gain, produktu horien fabrikazio- eta merkaturatze-sektoreak bilakaera teknologiko garrantzitsua izan du, eta aldaketak egon dira, halaber, kontsumo-joeretan. Hori guztia ikusita, beharrezkoa zen araudia sakon berrikustea eta produktu berrien definizioak txertatzea.

 

Errege-dekretu horren xedea da ogia egiteko eta merkaturatzeko oinarrizko kalitate-arauak ezartzea. Bertan, ogi mota desberdinen definizioak daude jasota; besteak beste:

 

Osoko ogia:

 

a) «% 100 osoko ogi» edo «osoko ogi» esango zaie soil-soilik osoko irinarekin egiten diren ogiei. b) Erabilitako irin guztia osokoa ez bada, aipamen hau izango dute izenean: «osoko ogia % X(e)(a)n» (erabilitako osoko irinaren portzentajea zehaztuko da «X» jartzen duen lekuan).

c) Osoko ogia egiteko garaian hauek ere erabili ahal izango dira: osoko semolak, ale txikituak edo ale osoak.

 d) «% 100 osoko ogia» egiteko erabilitako ore amak osoko irinarekin egina izan behar du.

e) «Osoko» terminoaren ordez «ale osoko» erabili ahal izango da.

 

Horrez gain, erabilitako irina (bat edo gehiago) zer zereali dagokion adierazten duen izena gehituko da.

Zereal-irinekin egindako ogia:

a) Beste zereal baten irinarekin egindako ogia: garia ez den beste zereal batekin soilik egindako ogia da. «% 100 xxxx(e)zko ogia» edo «xxxx(e)zko ogia» izena jarriko zaio, xxxx-ren ordez dagokion zerealaren izena jarrita.

b) Bi zereal edo gehiagoren irinarekin egindako ogia: bi zereal edo gehiagoren irinarekin egindako ogia da; horietako bat garia izan daiteke.

 

«xxxx(e)zko ogia» esango zaio, xxxx-ren ordez operadoreak ogi hori egiteko erabili dituen zerealetatik nabarmendu nahi duena jarrita. Zereal bakoitzaren segidan horri dagokion irinaren portzentajea adieraziko da, ogiak duen irinaren guztizkoaren aldean.

 

Horrez gain, dekretuan ogi berezien mota guztiak daude deskribatuta, baita produktu erdi-eginak, kultiborako ore ama edo ore ama inaktiboa ere.

 

Bestetik, ogiaren artisau-elaborazioak zer esan nahi duen zehazten du:

 

Ogia artisau-elaboraziokoa dela ulertuko da artisautzaren arloan aplikatzekoa den legeria betetzen duenean eta honako baldintza hauek errespetatzen dituenean:

 

a) Errege-dekretu honetan ezarritakoaren arabera egina izatea.

b) Elaborazio-prozesuan giza faktorea gailentzea faktore mekanikoari.

c) Orearen hartzidura blokean egitea, zilindroekin findutako oreen kasuan izan ezik. Orearen blokeko hartzidura oratu eta berehala egiten da, orea zatitu baino lehen.

d) Ekoizpena serie handitan ez egitea. Piezak eskuz osatuko dira (osorik edo partzialki); hala, pieza bakoitzaren azken emaitza desberdina izango da.

e) Ogia okin-maisu edo horren antzeko figura batek zuzenduta egitea, edo esperientzia eta frogatutako ezagutzak dituen artisau batek zuzenduta.

 

 

308/2019 Dekretua, ogiaren kalitateari buruzko arau berria onartzen duena