CIICak aspartamoa gizakientzat kartzinogenoa izan daitekeela adierazi du (CIICaren 2B taldea); izan ere, ezarri du horren gizakionganako kartzinogenizitateari buruzko “ebidentzia mugatua” dagoela, eta JECFAk berretsi du produktu honen eguneko ingestio onargarria gorputz‑pisuaren 40 mg/kg-koa dela.

Minbiziari buruzko Nazioarteko Ikerketa Zentroak (CIIC), Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Elikagai Gehigarrien Adituen FAO/OME Batzorde Mistoak (FECFA) eta Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAO) aspartamoak osasunean dituen eraginen ebaluazioak argitaratu dituzte.

 

Aspartamoa 1980az geroztik elikagai eta edari askotan erabili den edulkoratzaile artifiziala da. Esaterako, edari dietetikoetan, txikleetan, izozkietan, esnekietan, gosaltzeko zerealetan, hortzetako pastan eta botiketan erabiltzen da, bai eta eztulerako botiketan eta bitamina mastekagarrietan ere.

 

Aspartamoari buruzko ebaluazioetan adierazi da produktu honen ohiko kontsumoko dosietan kaltegabetasuna ez dela bereziki kezkagarria; hala ere, kalitate handiagoko ikerketa gehiagotan aztertu behar dira horren balizko ondorioak. CIICak eta JECFAk azterketa independente baina osagarriak egin dituzte aspartamoaren kontsumoari lotutako balizko arrisku kartzinogenoa eta osasunerako beste arrisku batzuk aztertzeko. CIICak aspartamoa ebaluatzen duen lehen aldia da; JECFArena, aldiz, hirugarrena.

 

Eskuragarri dagoen bibliografia zientifikoa aztertu ostean, bi ebaluazioetan adierazi da minbiziari buruz eskuragarri dauden ebidentziak mugatuak direla (bai eta osasunerako beste ondorioenak ere).

 

CIICak azaldu du aspartamoa kartzinogenoa izan daitekeela gizakientzat (2B taldea), gizakiengan minbiziari buruzko ebidentzia mugatuaren arabera (zehazki, kartzinoma hepatozelularrerako, hots, gibeleko minbizi mota bat).

Horrez gain, ikusi zen ebidentzia mugatua zegoela esperimentazio‑animalien minbizian, baita minbizia eragiten duten balizko mekanismoei lotuta ere.

 

JECFAk ondorioztatu du ebaluatutako datuen arabera ez dagoela arrazoi nahikorik aldez aurretik ezarritako aspartamoaren eguneko ingestio onargarria (EIO) aldatzeko, hau da, gorputz pisuaren 0 eta 40 mg/kg artean. Hortaz, Batzordeak berretsi du muga horren barne dagoen eguneko kantitatea kontsumitzea kaltegabea dela. Esaterako, 200 edo 300 mg dituen freskagarri dietetikoko lata baten kasuan, 70 kg pisatzen dituen heldu batek 9-14 lata baino gehiago edan beharko lituzke eguneko ingestio onargarria gainditzeko, beste elikagai batzuk kontsumitu gabe.

 

CIIC eta JECFAren aspartamoaren ondorioei buruzko ebaluazioak egiteko hainbat iturritatik hartutako datu zientifikoak erabili dira, hala nola pare elkartuen bidez ebaluatutako artikuluak, gobernuen txostenak eta arautzeko egindako ikerketak. Aditu independenteek azterketak berrikusi dituzte, eta bi batzordeek neurriak hartu dituzte beste ebaluazioen independentzia eta fidagarritasuna bermatzeko.

 

CIICak eta OMEk ebidentzia berrien jarraipena egingo dute, eta ikerketa‑talde independenteak animatuko dituzte aspartamoaren eta kontsumitzaileen osasun‑ondorioen arteko balizko loturari buruzko ikerketak abiatzeko.