ZER DA ELIKAGAI BERRI BAT?

 

Elikagai berri bat da 1997ko maiatza baino lehen EBn kantitate adierazgarrietan kontsumitu ez zena (data horretan jarri zen indarrean elikagai berriei buruzko lehen araudia). Garatu berria den elikagai berritzaile bat izan daiteke, ekoizpen-teknologia eta -prozedura berriekin ekoitzitako elikagai bat edo tradizionalki EBtik kanpo jaten den elikagai bat.

 

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, elikagai berriei buruzko 2015/2283 Erregelamenduak (EB) arautzen ditu elikagai berriak, eta aurreko 258/98 Erregelamendua (EK) indargabetzen du. Erregelamendu berriaren helburua da baldintzak hobetzea enpresek errazago merkatura ditzaten elikagai berri eta berritzaileak EBn. Hartara, Europako kontsumitzaileentzako elikagai-eskaintza areagotuko da, betiere elikadura-segurtasunaren maila altuari eutsiz.

 

Berezi@: Elikagai berriak – ELIKA (2016)

Questions and Answers: New Novel Food Regulation – CE (2018)

Infografía Nuevos alimentos – ACSA (2016)

LEGERIA BERRIKO ALDAKETA NAGUSIAK

 

  • Hobetu egin da baimentze-prozeduraren eraginkortasuna, elikagai berritzaileak azkar merkaturatzea ahalbidetuz eta alferrikako merkataritza-oztopoak kenduz. Baimen-sistema zentralizatu bat sortu da, eta horrek ziurtasun handiagoa emango die elikagai berri bat baimentzeko eskatzen duten eskatzaileei.

 

  • Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) baimentzeko eskatzen diren elikagai berrien arriskuen ebaluazio zientifiko bat egingo du, eta Batzordeak eskatzaile bakoitzaren espedienteak kudeatuko ditu eta segurutzat jotako elikagai berrien baimen-proposamenak aurkeztuko ditu.

 

  • EBn berriak diren elikagaiak ebaluatzeko prozedura egokiago bat jarriko da abian.

 

  • Elikagai berrien kategoriak areagotuko dira

 

  • Erregelamendu berrian, datuak babesteari buruzko xedapenak gehitu dira. Elikagai berri bat baimendu ondoren, datu zientifiko berriak eta babestutako datuak ezingo dira erabili beste eskaera batzuen esparruan, bost urtez.

 

  • Baimen indibidualetatik baimen orokorrago batera pasatzea proposatzen da, enpresa bat baino gehiagok elikagai berri berbererako eskaerak errepikatuta aurkez ditzatela saihesteko.

BAIMENTZEKO BALDINTZAK

 

EBn elikagai berriak erabiltzea baimenduko da, baldin eta

  • osasun publikorako arriskurik ez badakarte,
  • nutrizioaren ikuspegitik ordezten duten elikagaia baino okerragoak ez badira (antzeko beste elikagai bat ordezten badute), eta
  • kontsumitzailea nahasten ez badute.

 

Elikagai horiei ebaluazio zientifiko bat egin behar zaie baimena lortu baino lehen, horien segurtasuna bermatzeko. Ebaluazioa Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) egingo du.

BATASUNEAN BAIMENDUTAKO ELIKAGAI BERRIEN ZERRENDA

 

Batzordeak Batasuneko zerrendan elikagai berri bat sartzeko, elikagaiak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Eskuragarri dauden froga zientifikoak kontuan hartuta, elikagaiak ez du arriskuan jartzen pertsonen osasuna.

b) Elikagaiaren aurreikusitako erabilerak ez die kontsumitzaileei erratzeko aukerarik ematen, bereziki elikagai horrek beste bat ordezkatzea badu xede eta nutrizio-balioan aldaketa nabarmenak badaude.

c) Elikagaiak beste bat ordezkatuko badu, bien artean dagoen aldeak ez du desabantailarik izango kontsumitzaileentzat nutrizioaren ikuspegitik.

 

Batzordeak baimendutako elikagai berrien zerrenda egin du, eta elikagai berriak gehitu ahala eguneratuko du, 2017/2470 (EB) Exekuzio Araudiaren bidez; horrek Batasuneko elikagai berrien zerrenda bat ezartzen du, bat eginez elikagai berriei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015/2283 (EB) Araudiarekin.

 

Zerrenda horretako edukian hainbat akats daude. Akats ugari direnez, 2017/2470 (EB) Araudiaren eranskina kendu egin da eta Batzordearen 2018/1023 (EB) Exekuzio Araudiaren eranskinarekin ordezkatu da. Bertan ageri dira elikagai berriak, horiek erabiltzeko baldintzak, elikagaien kategoria espezifikoa eta gehieneko edukia.

Erregelamendu berria ez zaie aplikatuko honako hauei:

 

  • Elikagai-gehigarriak (1333/2008 Erregelamendua (EK))
  • Elikagaietan erabiltzeko aromak (1334/2008 Erregelamendua (EK))
  • Elikagaiak ekoiztean erabiltzen diren erauzketa-disolbatzaileak (2009/32/CE Zuzentaraua)
  • Elikagai eta pentsuetarako GEOak (1829/2003 Erregelamendua (EK))
  • Elikagaiak eta/edo elikagaien osagaiak elikadura-osagarrietan bakarrik erabili badira, beste baimen bat eskatu beharko da horiek beste elikagai batzuetan erabiltzeko (esaterako, elikagaiak aberatsagoak egiteko), bat etorriz elikagai berriei buruzko erregelamenduarekin.

EFSAk bi orientazio-gida argitaratu ditu elikagai berriei eta beste herrialde batzuetako elikagai tradizionalei buruz. Gida horietan, arrisku-ebaluazioa egiteko eskatzaileek zer informazio aurkeztu behar duten azaltzen da, xehetasun osoz.

 

Guidance on the preparation and presentation of an application for authorisation of a novel food in the context of Regulation (EU) 2015/2283

Guidance on the preparation and presentation of the notification and application for authorisation of traditional foods from third countries in the context of Regulation (EU) 2015/2283

 

Halaber, erregelamenduak ezartzen duenez, klonazioari buruzko legeria espezifiko bat ezarri arte, animalia klonatuetatik eratorritako elikagaiak elikagai berrien erregelamendu berriaren menpe geratuko dira, hazkuntza ez-tradizionalen bidez lortutako animalien elikagai gisa, eta behar bezala etiketatu behar dira azken kontsumitzailearentzat, Batasunean indarrean dagoen legeriarekin bat etorrita.

ELIKAGAI BERRIEN ETIKETAK

 

Elikagai berriek 1169/2011 Erregelamenduan (EB) ezarritako etiketa-betebehar orokorrak beteko dituzte.

 

Elikagai berrien etiketa-betebehar espezifiko osagarriak ere aplika daitezke, kontsumitzaileei behar bezalako informazioa emateko, zehazki: elikagai berria talde zaurgarri jakin batzuentzat ez dela gomendagarria adierazten duten etiketak. Etiketan, elikagaiaren izenak agertu behar du, eta hala badagokio, haren erabilera-baldintzek.

 

Elikagaiaren propietate nutrizionalei eta osasungarriei buruzko behin-behineko jakinarazpenek bateragarriak izan beharko dute propietate nutrizionalen eta osasungarrien jakinarazpenei buruzko 1924/2006 Erregelamenduarekin (EK).

Eguneratze data: