1337/2013 (EB) Betearazpen Erregelamenduak, 1169/2011 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluarekin bat etorriz, 2015eko apiriletik aurrera txerrien, kortako hegaztien, ardien eta ahuntzen haragiaren jatorrizko herrialdea edo jatorria adierazteko betebeharra ezarri zuen. Artikulu horrek ezartzen duenez, Batzordeak, aplikazio-datatik bost urtera, txosten bat aurkeztu behar zuen nahitaezko adierazpena ezartzearen ondorioak ebaluatzeko, eta duela gutxi argitaratu da. Batzordearen txosten horrek Erregelamenduaren aplikazioa du ardatz, bai eta eraginkortasunari, efizientziari, koherentziari, egokitasunari eta EBren balio erantsiari dagokienez duen eragina ere.

 

Txostena honako lan-dokumentu honetan oinarritzen da: “Txerrien, ardien, ahuntzen eta kortako hegaztien haragi fresko, hoztu edo izoztuaren jatorrizko herrialdearen edo jatorriaren nahitaezko adierazpenaren ebaluazioa”, aldez aurretik egina, non probak biltzeko erabilitako metodologiari eta ebaluazio-ariketari berari buruzko xehetasun guztiak aurki daitezken.

 

Gainera, lan-dokumentu horren osagarri gisa, DG AGRI erakundeak eskatutako azterlan bat egin zen, eta 2019ko abenduaren 9tik 2020ko martxoaren 2ra kontsulta publiko bat egin zen.

Azken ebaluazio horretan ateratako ondorio nagusiak honako hauek dira:

 

  • Garatutako trazabilitate-sistemek eraginkortasuna erakutsi zuten Erregelamendua betetzen zela ziurtatzeko orduan, eta gutxieneko aldaketak baino ez ziren behar izan (batez ere, eraldaketa-fasea
  • Sektoreek karga administratiborik eta kostu handiegirik gabe har ditzakete beren gain eskakizunak, eta, beraz, operadoreek jasandako gutxieneko kostuak ez ziren katean zehar jasanarazi, eta ez zuten inolako eraginik izan kontsumorako azken prezioetan.
  • Arau bateratuak ezarriz, Erregelamenduak merkatu bakarraren funtzionamenduari lagundu zion.
  • EBren balio erantsia izan zen EBko kontsumitzaileei informazio-maila bera ematea.
  • Emandako informazioa fidagarria izan zen, eta bat etorri zen etiketen definizioekin. Gainera, agintari eskudunek erabat egiaztatu ahal izan zuten, ahalegin eta karga handiegirik gabe.
  • Kontsumitzaileek gutxi ulertzen dituzte definizioak, eta, beraz, ezin da ondorioztatu informazioa guztiz argia eta baliagarria denik kontsumitzaileentzat. Hala ere, gai hori ez dago Erregelamenduaren aplikazioarekin lotuta, eta komunikazio hobe baten bidez konpon liteke, bereziki txikizkariari dagokionez.
  • Azterketak erakutsi zuen Erregelamendua bat datorrela EBko beste lege-egintza batzuekin jatorria adierazteari dagokionez.

Ondorioz, Erregelamendua pentsatuta zegoen sektorean gutxieneko eragina izateko eta, aldi berean, kontsumitzaileei erosteko erabakia hartzeko informazio egokia emateko. Datuek adierazten dute helburu horiek lortu direla, eta, beraz, gaur egungo fasean ez dago indarreko xedapenak berrikusi beharrik.