Estearilo tartratoa (E 483) kendu dute Batasunaren elikadura-gehigarri baimenduen zerrendatik, eta muga zorrotzagoak jarri dizkiete nitrato eta nitritoei

Europar Batasunean komertzializatutako elikagaiak ahalik eta seguruenak izan daitezela bermatzeko xedearekin, berriro ari dira ebaluatzen elikadura-gehigarri baimenduak, eta, horrez gain, araudia eguneratu dute, datu zientifiko berriekin bat.

 

Alde batetik, Europako Batzordeak estearilo tartratoa izeneko gehigarria (E483) kendu du baimenduen zerrendatik, honako honen bidez: Batzordearen (EB) 2023/2379 Erregelamendua, zeinaren bidez Europako Parlamentu eta Kontseiluaren (EK) 1333/2008 Erregelamenduaren II. eranskina eta Batzordearen (EB) 231/2012 Erregelamenduaren eranskina aldatzen diren, E 483 elikadura-gehigarriari dagokionez (estearilo tartratoa).

 

2020. urtean, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agentziak (EFSA) irizpen zientifiko bat eman zuen estearilo tartratoa (E 483) elikadura-gehigarri gisa berriro ebaluatzeari buruz, eta ezin izan zuen haren segurtasuna berretsi datu-faltagatik; beraz, 2021ean, datu horiek biltzeko deialdi publiko bat abiarazi zen. Ez zutenez daturik aurkeztu, ezin izan zen berriro ebaluatu E 483 gehigarriaren segurtasuna.

 

Ezin izan zenez ebatzi substantziak baldintzak betetzen dituen Batasunaren elikadura-gehigarri baimenduen zerrendan sartzeko, Batzordeak Batasunaren elikadura-gehigarrien zerrendatik kendu du.

 

Elikadura-enpresek estearilo tartratoa (E 483) ordezkatzeko aukerak topatu ahal izan ditzaten, Erregelamendua aplikatu behar da indarrean sartu eta sei hilabete igaro ondoren.

Bestalde, argitaratu dute Batzordearen (EB) 2023/2108 Erregelamendua, zeinaren bidez Europako Parlamentu eta Kontseiluaren (EK) 1333/2008 Erregelamenduaren II. eranskina eta Batzordearen (EB) 231/2012 Erregelamenduaren eranskina aldatzen diren, nitrito (E 249-250) eta nitrato (E 251-252) izeneko elikadura-gehigarriei dagokienez.

 

(EB) 1333/2008 Erregelamenduak gaur egun elikagaietan baimentzen dituen gehieneko nitrito- (E 249 eta E 250) eta nitrato-edukiak (E 251 eta E 252) Giza Elikaduraren Batzorde Zientifikoak 90eko hamarkadan emandako irizpenetan oinarritzen dira, baita EFSAren 2003ko azaroko irizpenean ere.

 

2017ko ekainaren 15ean, EFSAk nitrito eta nitratoen segurtasuna berriro ebaluatzeko irizpen zientifikoak eman zituen, elikadura-gehigarri gisa. Nitritoei dagokienez, eguneroko ahorakin onargarria 0,07 mg/gorputzeko pisuaren kg-koa da. Elikadura-gehigarri gisa, esposizio zenbatetsiak ez zuen gainditzen EAO hori biztanleria orokorrean, haurretan izan ezik, pertzentil handienean.

Nitratoen kasuan, EAO 3,7 mg/gorputzeko pisuaren kg-koa izan zen, eta zenbatetsi zen elikadura-gehigarri gisa erabili ondorengo esposizioak ez duela gainditzen EAO hori; hala ere, kontuan hartuz gero nitratoen elikadura-esposizioaren iturri guztiak, EAO gaindituko litzateke adin-tarte guztietan, bai esposizio ertainean eta bai handienean.

 

Bi irizpenetan, EFSAk gomendioak eman zituen, konposatu nitrosatuei, nitritoei eta nitratoei buruz azterlan berriak egiteko.

 

Aintzat hartuta nitrito eta nitratoak berriro ebaluatu direla elikadura-gehigarri gisa eta EFSAk nitrosamina kantzerigenoak ebaluatu dituela elikagaietan, nitrito eta nitratoak elikadura‑gehigarri gisa erabiltzeko egungo baldintzak aldatzea komeni da.

 

Zehazki, komenigarria da elikagaietan gehigarri gisa ipin daitezkeen gehieneko nitrito- eta nitrato-kopuruak murriztea, erabileraren ondorioz sor daitezkeen nitrosaminen kopurua ahalik eta txikiena izan dadin, eta, horrekin batera, kaltegabetasun mikrobiologikoa bermatzeko. Ondorioz, Erregelamenduan ezarritako muga berriak txikiagoak dira, eta aldatu egiten dira elikadura-kategoria eta elikagai motaren arabera. Nahiz eta balioak aurrekoak baino txikiagoak diren, bateria patogenoen aurkako babesa bermatzen dute.

 

Ez zenez hauteman elementu toxikoen presentziarekin lotutako osasun-arazorik potasio nitritoa (E 249), sodio nitritoa (E 250), sodio nitratoa (E 251) eta potasio nitratoa (E 252) elikadura‑gehigarrietan, aldi baterako baimen daiteke elikadura-gehigarri horien erabilera, baldin eta legearekin bat sartu baziren merkatuan Erregelamendua indarrean sartu aurretik.