EFSAk duela gutxi argitaratu du elikagai-gehigarri gisa eritritola (E 968) erabiltzearen segurtasunari buruzko irizpen bat eta % 10 polialkohol erantsi baino gehiagoko elikagaien etiketan efektu libragarriei buruzko ohartarazpena jartzeko betebeharretik salbuesteko eskaera bat, 1169/2011 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

 

Eritritola (E 968) baimenduta dago I. taldeko elikagai-gehigarri gisa Europar Batasunean, elikagaien 66 kategoriatan, 1333/2008 (EE) Erregelamenduarekin bat. Gainera, eritritola (E 968) edulkoratzaileen klase funtzionalekoa da eta 4 karbonoko azukre-alkohola denez, 1333/2008 (EE) Erregelamenduan zehatutako poliolen taldean (IV. taldea) dago sartuta.

 

Eritritola hartziduraren bidez lortzen den poliola da.  Erraz xurgatzen da gizakietan, dosiaren arabera. Neurri txikian, eritronato gisa metaboliza daiteke.  Ondoren, eritritola iraitzi egiten da, gernuan aldaketarik eragin gabe.  Ez du kezkarik sortzen genotoxikotasunari dagokionez.  Ebaluatutako datuak gizakietan egindako esku hartzeen azterketak izan ziren.  Adituen panelaren ustez, eritritolak beherakoa eragin dezake gizakietan; eta, ondorioz, kaltegarritzat jo zen elektrolitoen desorekarekin eta desoreka hidrikoarekin lotu baitaiteke.

 

Panelak egokitzat jo zuen Eguneko Ingestio Onargarri (EIO) hau ezartzea: 0,5 g gorputz-pisuaren kiloko eta eguneko; izan ere, ingestio horrek babestu egiten du berehalako efektu libragarritik eta beherakoaren bigarren mailako efektu kronikoetatik.  Era berean, ondorioztatu zuen eritritolarekiko (E 968) dietaren bidezko esposizio akutuaren zein kronikoaren zenbatespenak EIOa baino altuagoak zirela, eta horrek adierazten du ingestio handia duten pertsonek efektu kaltegarriak izateko arriskua dutela esposizio bakar eta errepikatuaren ondoren.

 

Etiketako salbuespen-eskaerari dagokionez, Panelak ondorioztatu zuen eskura zeuden datuek ez zutela babesten salbuespen-proposamena; hortaz, “gehiegizko kontsumoak efektu libragarriak izan ditzake” ohartarazpenak baliagarria izaten jarraitzen du.

 

Gainera, Panelak Europako Batzordeari honako hau gomendatu dio:

 

  • eska ditzala gertaerei buruzko datu zehatzagoak (erabilera-mailak eta datu analitikoak) eta etiketaren informazioa, esposizioari buruzko ebaluazio zehatzagoa egiteko.
  • Berrikus dezala elikagai-gehigarriaren definizioa EBko zehaztapenetan: “Karbohidrato-iturri bat hartzitu ondoren lortua, Moniliella pollinisaren BC anduiaren edo genetikoki eraldatu gabeko Moniliella megachiliensisen KW3-6 anduiaren bidez, eta, ondoren, zenbait arazte- eta lehortze-etaparen bidez”;
  • Sar dezala CAS 149-32-6 EBren zehaztapenetan:
  • murritz dezala berunaren (Pb) muga EBren zehaztapenetan.